Turismoa

 

Monumentu Ondarea

San Martin Eliza: Tenplu herrikoia, 1748. urteko baseliza baten gainean eraikia Laukiz aparteko parrokia bezala eratu zenean. Nabe bakarrekoa, hiru atal berdinetan dago egituraturik. Barruko altzariak Gerra Zibilean gertatutako triskantzaren ondorioz desagertu ziren, hala ere, XVI. mendeko bataiarri interesgarria gordetzen du.

Elizaren ondoan Udaletxea dugu. Landa-etxe tipologiako eraikina, lehenengo solairuan egurrezko balkoi luzea du eta fatxadan adreilu eta egurrezko bilbadura gordetzen du. Beheko solairuan, Bizkaiko udalerri askotan ohikoa den bezala, Herriko taberna aurkituko dugu.

Laukizko Frontoi eta Probaleku gunea zonaldeko garrantzitsuenetarikoa da, frontoiaren edukiera handiagatik baita mendi-hegal zorrotza frontoia eta karrejoa bi mailatan egituratzeko erabili izangatik ere. Gaztedi Soka-Tira Taldearen egoitza ere bada, nazio zein nazioarte mailan ezagunenetakoa.

Unbe mendiaren magaletan Unbeko Santutegia aurkitzen da, Ama Birjina gurtzeko leku ezaguna. 1941ean Unbeko auzokoa zen Felisa Sistiagak Ama Birjina agertu zitzaiola esan zuen lehenengoz. Ondorengo agerraldietan baserriaren putzuko urak bertara hurbilduko ziren erromesak sendatuko zituela adierazi zion. Beraz, "Ama Birjinaren Etxea" izeneko santutegia altxatu zen eta 1978an bere irudia jarri zen. Ordutik asko dira ur horiei esker sendatu omen direnak. Igarlea 1990ean hil zen, baina santutegiak errores-leku izaten jarraitzen du.

Gehiago jakiteko…

Esteban Urkiaga Basaran "Lauaxeta". 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Laukizen. Durangon, Loiolan eta Oñatin egin zituen teologia ikasketak. Garai horretan literaturarekiko zaletasunaz jabetu zen. 1928an Jesusen Lagundia utzi eta Bilbora joan zen, han Euzkadi egunkariko zuzendaria izan zen eta hainbat artikulu idatzi zituen. Euzkadi-n ez ezik, Jesusen Biotzaren Deya, Jaungoiko-zale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan ere idatzi zuen. 1930ean Errenterian ospatu zen "Olerkari Egunean" saritua izan zen Maitale Kutuna olerkiarengatik. Errepublika garaian hizlari ibili zen EAJko ageriko ekitaldietan. Gerra hasi eta gudari talde baten komandante ibili zen. 1937an Gasteizen espetxeratu zuten eta handik bi hilabetera Gasteizko Santa Isabel hilerriko hormaren kontra fusilatu zuten.

1931n bere lehenengo olerki bilduma, Bide Barriyak, argitaratu zen eta lau urteren buruan Arrats Beran (1935). Lauaxetak Lizardirekin eta Orixerekin batera olerkigintza landua ondu zuen, Europako joerekin lotuagoa. Talde horri "Olerkarien belaunaldia" deitu zaio. Gaur egun Lauaxetaren olerki bildumak argitaratu dira baita bere lanari zein biografia politikoari buruzko ikerketak ere.