Turismoa

 

Monumentu Ondarea

Gatikako Andra Mari Eliza: XVI. mendeko eraikina, XVII. mendeko abside klasizista duena. Ibarra menderatzen duen muino batean dagoenez, erraz ikus daiteke urrunetik ere. Bere dorre ikaragarriak Gerra Zibilean zehar suntsitua izan zen aurreko dorrea (1761) hartu zuen eredutzat. Bere arkupe zabalean Elizatearen Mahaia gordetzen da, Gatikako auzokoek denen onerako arazoei irtenbidea emateko erabiltzen zuten mahaia, hain zuzen ere.

Eliz parrokiaren alboan eta berdegunez inguraturik herrigune txikiaren elementu ezberdinak biltzen dira: Udaletxea, frontoia, eskolak eta sartzeko zutabe exotikoa eta iturri-aska bitxia dituen hilerria.

Butroe Gaztelua

Butroetarrak, oinaztarren buru, Bizkaiko leinurik garrantzitsuenetakoa izan ziren eta  euren antzinako gotorlekua Erdi Arotik altxatzen da Butroeko meandro estrategikoaren ondoan. Inguruan errota eta burdinola zituen unitate ekonomiko autonomoa zen. Hemendik hurbileraino, Arbinaraino, hain zuzen, Enkarterrietako meategietako burdina-minerala zekarten gabarrak heltzen ziren. Gainera, multzoa erabat osatzeko Magdalena baseliza ere gotorlekutik gertu zegoen.

Jatorrizko Dorrea eraikin karratua izan zen,  izkina-kuboez osatutako harresi batez inguraturik zegoena. Gaur egun harresiaren atal hau, bere sarrerak eta bastioiak baino ez dira geratzen Jaurerrian izan zen gotorlekurik handienetako batetik.

Eraikinak zaharberritze nabarmena jasan zuen 1879an, bere orduko jabeak, Torrecillako Markesak, Cubaseko Markesa zen arkitektoari gaurko gaztelu bikainaren diseinu-lana eman zionean. Beronek eraikin berria jaso zuen, estilo negotiko, neoarabiar eta erromantikoan inspiratutako eraikin eklektikoa, hain zuzen. Amandre-ipuin baten gaztelua dirudi gaur egungoak bere lau dorre, zazpi solairu eta dekorazio motibo anitzekin.

Gaztelua inguratzen duen Parkeak balio handikoa da, izan ere,  espezie exotikoz baita bertako espeziez ere jantzitako lorategia dauka. Babestutako bi Arbola Berdingabe  batera biltzen dituen Bizkaiko leku bakarra da: edertasun handiko zedro japoniarra posizio makurtu bitxia duena eta itxura bikaineko insignis Pinua, 31 metroko altuera duena.