Turismoa

 

Monumentu Ondarea

Fruizko San Salbatore Eliza: Jatorrizko eraikina XIII. mendekoa da. Gaur egungoa, ordea, XVI. eta XVII. mendeetan egindako berreraikuntzen emaitza da. Linea zurrunetako tenplua, barrokoa eta Errenazimentuko dorre ederra uztartzen dituena.

San Salbatore elizaren portada erromaniko ederrak (XII-XIII) Bizkaiko zutabe eta kapitelik nabarmengarriak ditu. Zutabe saskiratu bikoitzean finkatutako eta apaindutako arkibolta hirukoitzean banatzen da. Elementurik nagusienak lore, forma geometriko eta historiatuez apaindurik ageri dira.

Kanpoaldeko kapiteletako bik erliebe historiatuak dauzkate: bataila bat, edo are hobea, lehiakideen arteko baketzea eta errege-segizio baten irudia, Santiagorako bidean zehar ohikoak diren gaiak, zutabetako oin batean zizelkatutako erromes-maskorrak adierazten digun bezala.

Elizaren aurrean Jesús Gurutziltzatuaren Santutxoa dago (1560). Bertan hiletaren bezperako egunetan gorpuen gaubeila eta erakusketa egiten zen. Gaur egun ere hilerri eta beronen kaperarako sarbidea da.

Fruizko harrobi basaltikoak

Gaur egun edozein aktibitate bolkanikotatik urrun gaude, baina harrigarria badirudi ere, ez da beti horrela izan. Duela 85 milioi urte, Kretazeoan zehar, kostalde kantauriarra itsas azpian zegoen. Orduantxe laba jaurtitzen hasi zen pitzadura handia sortu zen eta denborarekin gure kostaldea eta frantsez-itsasertza banatu zituen.

Gaur egun, errepide orokorraren ondoan sasoi horretan agertu ziren harkaitzek eragindako egitura geologiko bitxia mirets dezakegu. Zutabe hexagonal eta pentagonal multzoa da, Antzinako itsas-labak hoztean sortu zirenak. Harrobiaren ustiapenak, 1939an lanean hasi eta hainbat hamarkadatan jarraitu zuenak, aurkitu zuen berezitasun hau Fruizko zorupean.